viernes, 30 de septiembre de 2016

RAMSGATE - POOLE - A CORUÑA

Gaua zen Ramsgatera heldu nintzenean. Portu ondoan geratu zen autobusa eta, pentsatu nuen, "Ba, erraz topatuko dut ontzia, nabarmenduko da besteen artean...", baina ez. Kostatu zitzaidan, portuaren erdian bait zegoen, beste ontziz inguratua. Iritsi nintzen, finean, eta han zegoen Peter, kapitaina, zain. Eskifaia osatuko genuenen arteko beste mutil bat heldu berria zen ere. Besteak hurrengo goizean ezagutuko nituen. Guztira 7, gehi kapitaina eta haren bikotea, Joanna. Itsasoratu aurretik gas-oil-a hartu behar genuen.

https://www.facebook.com/will.manders/videos/10157381148940251/


Hornigailura iristeko maniobrak egin (pentsa, 40mko erraldoi hori portu estu batean maneiatzea!) eta depositoa bete artean (2500L inguru), pare bat ordu eman genituen gutxi gorabehera. Hau eginda, abiatu ginen. Motorra martxan zegoela hasi ginen nabigatzen. "Itzaliko dute , belekin nabigatzeko" pentsatu nuen nire baitarako. Baina ez. Tarteka belak erabili genituen, bai, baina motorrarekin batera. Horrela joango ginen Poolera heldu arteko hiru egunetan. Tall ship -belaontzi handi-batean bidaiatzeari buruz neukan ideia guztiz zapuztu zidan honek, aitortu behar, baina... ezin beste modura izan, gerora Peter-ek azalduko zigunez eta guk geuk ikusiko genuenez. Lehenengo arrazoia, logikoa, haizerik eza zen. Apenas jotzen zuen haizerik belekin bakarrik aritzeko. Baina beste alde batetik, eta hau arrazoi funtsezkoena, La Manche-ko kanalaren korronte bortitzak ziren. Izan ere, nabigatzeko zonalde zailenetako bat omen da, joannak eta Peter-ek azaldu bezala. Eta zoritxarrez, kontrako korrontea eduki genuen bidaiaren lehen zatia iraungo zuen egun hauetan. Ederto somatuko genuen hau gure haragitan, bai! Hoiek olatuak!! ontzia alde guztietara astintzen zuen itsasoak, gelditu barik!! Nik, nabigatzeak dakarren errealitatearen alde hau behin onartuta, nahiko ondo eraman nuen, zorabiatu gabe. Beste batzuk, ordea, hor egon ez izana nahiago izango zutela uste dut. Taldeko mutil batek botaka eman zituen hiru egunak, jan ezinik eta ozta-ozta zutik mantendu ahal izateko, gixajoa! Iritsi ginen, bada, Pool-era. Egun bete eman genuen, han hiru lagun geratuko ziren eta beste lau etorri. Gehien harritu ninduena hoietako biren adina izan zen: hirurogeita piko urteko emakumea eta hare nagusiagoa zen gizona! Biak aurretik belaontzietan ibiliak ziren, baina ez zen nik espero nuena. Igurikapenak, zeinen txarrak! Eta berriz itsasora, oraingoan Inglaterra atzean uzteko, A Coruñarako bidean. Astelehen goiza zen. Bost egun luzatuko ginen Ipar Atlantikoko zati hau gurutzatzen, "Bay of Biscay" bezala mapetan agertzen dena, nahiz eta "Biscay" hori ez den ageri, ez bada Frantziako hego-mendebaldeko kostaldearen zati bat izendatzeko. Argi dago: historia zeinek idatzi, halako isla du garapen politikoan... Lehenengo egun horretan haize izpirik ez. Olio-osin baten antzera zegoen itsasoa, lau eta geldo, eta haren gainazalaren kolore gris metalikoa zeruarenarekin nahasten zen, galtze-sentsazio itzela sortaraziz. Ez goia ez behea, ezta ezker-eskuin non geratzen ziren ezin esan. Bigarren egunerako, aldiz, haren larruazalaren kolore eta itxura aldatzeko ahalmenaren adierazle, zimurrak agertu zitzaizkion itsasoari, haize leun batek eraginda. Aurreko eguneko metal grisaren lautasuna hautsiz, hala, uhin urdinskak sortu ziren, ontzia albo batetik bestera dantza lotsatian hastea eraginez. Belaren bat igo genuen ere, tarteka. Eta bisita ezusteko bezain pozgarriak eduki genituen: izurdeak. Hurrengo egunetan errepikatu egingo ziren bisita hauek -ondo pentsatuta alderantziz da benetan, gu gara hor arrotzak eta ez haiek!-. Hirugarren egunean antzemango genuen ezberdintasun nabarmena. Ordurako igaroa genuen plataforma kontinentalaren muga, eta beraz ur sakonetan nabigatzera pasa. Atlantikora iritsiak ginen. Batetik besterako trantsizio hori da ezerosoena, bi aldeen sakontasunaren ezberdintasunak olatu nabariak sortzen bait ditu. Behin tarte hori igarota, berriz, baretzen da. Lur barneko lautada gogorarazten dituen uhin luze eta zabalak azaltzen ditu orduan, Ozeanoaren azal urdin-ilun kolorez. Egun horretan baleak ere ikusi genituen. Urrunetik baina, haien haize ufadak goraka botaz, gehiago hurbiltzera ausartuko ez balira bezala.
Horrela jarraitu genuen, urdin-ilun eta zilar, eguzkiaren argiak bestelako tonuz ere apainduz eremu bukaezin hau: urrez goizetan, gorri magenta arratsaldetan. Main sail edo bela nagusia pare bat aldiz altxatu izan genuen bidaiaren tarte honetan. Ez da erosoa izaten, jasotzea batez ere. Ezpeletak pisu handia du, eta bela, erabili ostean berriz honetan bildu eta lotzea zail samarra da itsasoan egiteko. Jib-ak askoz erosoagoak dira (hauek belaontzi txikiago baten genobak lirateke), eta sarriago erabili genituen, ez erosotasunagatik bakarrik, noski, une horretan zebilen haizerako egokiak zirelako baizik. Eta square sail (bela karratuak) ere erabili genituen Behin! Behekoa eta erdikoa. Hauek konplexuak dira altxatzeko, soka asko erabili behar bait dira, baina hau egitea ez da zaila. Eta horrela, "watch"-en errepikakortasunak eta paisaiaren geldotasunak eragindako neke atseginaz, nohizbehinka izurdeen agertzeak astindua, A Coruñako marinan sartu ginen ostiral gauean. Garagardo pare batekin ospatzera joan ginen eskifaia osoa, baina gehiago luzatzeko gogorik ez. Benetan Nekaturik geunden. Hurrengo eguna atseden hartzeko eta hankak pixkat luzatzeko parada edukiko genuen. Eta ezustean, topaketa atsegina ere eduki nuen marinan bertan...

No hay comentarios:

Publicar un comentario