lunes, 24 de octubre de 2016

GIBRALTARREKO IRTEERA


Atzo goizean irten ginen Gibraltarretik. Hasierako orduetan, estretxoa zeharkatu artean, eta aurreikusita zegoen haizearen indar eskasa zela eta, motorra erabiltzea erabaki zuen Neal-ek. Laster, baina, aldeko haizea jo eta belak altxatzeko aujera ikusiz, genoa edo jib-a zabaldu eta motorra itzali genuen, 6/7kt-eko agiadura harturik. Handik ordu batzuetara, Luke, une horretan lemazain egotea egokitzen bait zitzaion, gertutik hurbiltzen ari zitzaigun belaontziaren abiaduraz ohartuta zera esan zuen, "azkar doaz, gero, eh?". Eta GPS-aren pantailan begiratu nuen, nire harridurarako ontziaren izena irakurri nuelarik: "Atraxia" "Hara, zer kasualitatea!" Izan ere, haiekin kontaktuan egon nintzen orain zenbait hilabete, "Mariposa"-n egiten ari naizen gauza bera, hots, Kanarietara eta Atlantikoa zeharkatzea, haiekin egiteko asmoz. Azkenik aukera hori baztertzea erabaki nuen, eskatzen zidaten diru ekarpen handia ikusiz.
Neali, hau guztia azaldu nionean, lasterketarako gogoa sartu zitzaion, eta bela nagusia zabaltzeko proposatu zigun. Egin genuen, eta askoz bizkorrago joaten hasi ginen; laster batean 9kt-eko abiadura hartu genuen, Atraxiaren parera heldu eta baita atzean utziz egin genuelarik! Nealen irribarra ikusteagatik baino ez bada, merezi izan zuen, bai horixe!
Arratsaldeak aurrera egin eta 21:00etan nire bakarkako lehen "whatch"-a egin nuen, inor gabe parean -ilargi ia betearen laguntza ez ezik, erakargarri bezain atsegina!-. Ardura apur bat sartu zitzaidan haizea aldatzen bait zebilen, eta Neali laguntza eskatu nion, bion artean bela nagusia zentzuz aldatu genuelarik, norabidea berriz hartuz. Txanda laburra izan zen lehenengo hori, gauerdira artekoa. Arina, erraza. Ondorengoa izango zen are ardura handiagokoa niretzako, goizeko 6etatik 11k artekoa. Ordu hoietan haize eskasa dabil eta belak dantzan dabiltza, zaila egiten delarik norabidea mantentzea. Tira, bada hor ibili naiz, ahal bezain ondoen saiatu arren zigi-zaga nabariak irudikatuz gure joanean... Eskerrak pixkanaka argituz joan dela, ezintasun hori eramangarriago eginez. Urazala, oraindik ilargiaren islada zuriaz jantzirik, larrosagatik aldatuz joan da pixkanaka, argitu duen einean, eta urre kolorera igaro da eguzkia ikusgai egin denean. 
Hau izango da nire txanda-ordutegia datozen egunetan. Goizeko ordu zail hoiek, eguzkia altxatzen ikustea merezi zaidala pentsatzen dut; beraz, zorionekoa ni!!

CASCAIS-LA LINEA


Aurpegi berriak Jean de la Lun-en egindako azken txanpan. Hiru mutil agertu ziren han emandako lehen egunean, Gibraltarreraino gurekin etorriko zirela uste izan bait nuen, baina bisitan baino ez ziren etorri, lehenago ontzian aritu izanak bait ziren. Pena, haietako baten kasuan bederen, nederlandarra, tipo jatorra iruditu zitzaidan, euskararen berri bait zuen eta horrekiko interesa erakutsi zidan eta.



https://drive.google.com/file/d/1kyTaI2N97q78Uv6qZMzVmrLIs8PsJch5dA/view?usp=sharing

Beste hiru lagun etorri ziren, ordea. Sara, Englandeko neska bat, Peter eta Joannaren alaba zaintzeko lanak egitera etorria; Ritjick, Poloniar beterano bat, nagusitxoa, ontziko konponketez arduratzera; eta Joe, gaztetxo ingeles bat, haren lehen esperientzia zuena itsasontzi batean eta zorabiatuta eman zituena egun gehienak, gixajoa hau ere, beste hura bezala. Hiru hauek ontziratu, esan bezala, eta Will-ek ontzia utziko zuen, Kanarietarako hagazkin bat hartzera, hantxe beste ontzi bat zain zeukan eta.

Bidaia bera, bestalde, ez zuen ezer berririk eskaini. Motorrarekin gehien bat, pixkanaka hegoalderantza, Saõ Vicente lurmuturra pasa eta ekialdera egiteko, Algarbe eta Cadizeko uretatik Gibraltargo estretxora zuzenduz. Hiru egunetan iritsiko ginen. Behin hara helduta, England-etik haraino bidaia-lagun izandako eta eskifaia osatu genuenon bideak aldenduko ziren; Jonathan Lisboara bueltatuko zen, han beste ontzi batekin kontaktatu bait zuen Kanarietara eta ondoren Atlantikoa zeharkatzeko. Felipe egun batzutarako Marokora joango zen, berriz Jean de la Lune-rekin Kanarietara joateko. Ni neu, berriz, La Linean Mariposa ontzia itsasora atera artean egun batzuk nituela probestuz, Basque Country-ra lau eguneko bisita azkar bat egitea erabaki nuen, familia/lagunak ikusteko. Arnastu, berriz ere itsasoan murgildu aurretik!

lunes, 3 de octubre de 2016

A CORUÑA - CASCAIS

Nor eta Jonathan Martins! Cowes-en bostekoa emateko baino astirik eduki ez nuen laguna. Oraingoan bai, harekin lasai solasean aritzeko aukera izan nuen. Pertsona interesgarria, konfidantza eta lasaitasuna transmititzen duena. Bide berean goaz, beraz posible da berriz ere topatzea. Hala espero!
Hurrengo egunean alde egin genuen. Eskifaiako lau lagunek etxera bueltatu ziren eta beste denok -sei, guztira- jarraitu egin genuen. Hiru egunetan Tajo ibaiaren ahoan geunden. Goiz iritsi ginen, ipar-haizea lagun bigarren eta hirugarren egunetan (ez lehen egunean, eguraldiaren iragarpenak agindu ez bezala). Egun bi hoietan belekin bakarrik nabigatu genuen, "square" ertaina eta aurreko mastako triangeluarra, eta bi hoiekin soilik motorrarekin baino azkarrago joan ginen! Harrigarria, haizearen indarra!! Hala eta guztiz ere, ezer gutxirako balio izan zitzaigun aldeko haizeak eta azkar Joateak. Lehenengo egunean ipar-haizeak jo izan balu ere, ez genuen askoz gehiago aurreratuko, Lisboako marinan lekurik ez zitzaiela geratzen abisatu bait zieten Peter eta Joannari, eta beste marinaren batean lekua topatu arte hantxe, fondeatuta egon behar izan ginen, zain. Sinestezina! A Coruñatik irten aurretik deitu zuten Lisboako marinara Joannak eta Peterek eta ontziarentzako lekua zegoela agindu zieten. Hara iritsi eta... ezetz! Horrela, bada, hainbat deiren ostean, eta ordu batzuk pasata, Cascais-eko marinan geratu beste aukerarik ez genuen eduki. Horrek esan nahi duena zera da: gau bakoitzagatik 25€ inguru ordaindu ordez (Lisboako marinako prezioa) 130€ ordaindu behar izan zela. Eskerrak eskifaiakook ez dugun gastu hoietan parte hartu beharrik, baina jabeentzako, aldea nabarmena da, gero!!


 Cascais, beraz, eta ez Lisboa. Peterek Poloniara joan behar zuen pare bat egunetarako eta itzuli, beraz egun batzuk genituen Lisboa bisitatzeko. Horren harira, heldu ginen egunean mutiletako bat pentsatzen egon zen agian merezi izango zuela Lisboan bertan geratzea, hango hostel-en batean, ontzian geratu ordez, Cascaisen. Ni zalantzan egon nintzen ere, trenean joan-etorrian ez ibiltzearren erosoagoa izango zen, duda barik, baina finean erabaki nuen ontzian geratzea. Tren-bidaiak balio eta tardatzen zuenagatik, merezi zuen, azken batean doan ateratzen zaigu ontzian lo egitea.
Eta horrela egin genuen. Egun guztietan, batean izan ezik, joan nintzen ni Lisboara. Pare bat museo bisitatu, monumenturen bat... eta bestela, hango auzo eta kaleetatik galdu, hau da gehien gustoko dudana egitea hiri edo herri ezezagunen batera noanean, eta Lisboak merezi du hori, inondik inora! Batetik bestera, gora eta behera kale eta aldapetatik igaro artean, txoko izkutu bezain erakargarriak topa ditzakezu! Denda-zulo bat hemen, patio bat han, taberna ilun gordeak... zoragarria! Horri guztiari gehitzen badiogu egun horietan Orkestra sinfoniko bat kalean zuzenean entzuteko aukera, ezin hobea. Eta horrela izan zen. Hiru egunetan Beethoven-en sinfoniak joko zituzten. Larunbateko saioa bereziki gozatzekoa izan zen, 8 eta 9. sinfoniak jo zituzten , itzel!
Hurrengo egunean ez nintzen Lisboara joan, Cascaisen geratu nintzen atseden hartzen, bainua hartzera hondartzara, paseotxoa... baina bai hirrengoan. Hiriburu horri agur esan nahi nion Gibraltarrerako bidea hartu aurretik.