lunes, 24 de octubre de 2016

GIBRALTARREKO IRTEERA


Atzo goizean irten ginen Gibraltarretik. Hasierako orduetan, estretxoa zeharkatu artean, eta aurreikusita zegoen haizearen indar eskasa zela eta, motorra erabiltzea erabaki zuen Neal-ek. Laster, baina, aldeko haizea jo eta belak altxatzeko aujera ikusiz, genoa edo jib-a zabaldu eta motorra itzali genuen, 6/7kt-eko agiadura harturik. Handik ordu batzuetara, Luke, une horretan lemazain egotea egokitzen bait zitzaion, gertutik hurbiltzen ari zitzaigun belaontziaren abiaduraz ohartuta zera esan zuen, "azkar doaz, gero, eh?". Eta GPS-aren pantailan begiratu nuen, nire harridurarako ontziaren izena irakurri nuelarik: "Atraxia" "Hara, zer kasualitatea!" Izan ere, haiekin kontaktuan egon nintzen orain zenbait hilabete, "Mariposa"-n egiten ari naizen gauza bera, hots, Kanarietara eta Atlantikoa zeharkatzea, haiekin egiteko asmoz. Azkenik aukera hori baztertzea erabaki nuen, eskatzen zidaten diru ekarpen handia ikusiz.
Neali, hau guztia azaldu nionean, lasterketarako gogoa sartu zitzaion, eta bela nagusia zabaltzeko proposatu zigun. Egin genuen, eta askoz bizkorrago joaten hasi ginen; laster batean 9kt-eko abiadura hartu genuen, Atraxiaren parera heldu eta baita atzean utziz egin genuelarik! Nealen irribarra ikusteagatik baino ez bada, merezi izan zuen, bai horixe!
Arratsaldeak aurrera egin eta 21:00etan nire bakarkako lehen "whatch"-a egin nuen, inor gabe parean -ilargi ia betearen laguntza ez ezik, erakargarri bezain atsegina!-. Ardura apur bat sartu zitzaidan haizea aldatzen bait zebilen, eta Neali laguntza eskatu nion, bion artean bela nagusia zentzuz aldatu genuelarik, norabidea berriz hartuz. Txanda laburra izan zen lehenengo hori, gauerdira artekoa. Arina, erraza. Ondorengoa izango zen are ardura handiagokoa niretzako, goizeko 6etatik 11k artekoa. Ordu hoietan haize eskasa dabil eta belak dantzan dabiltza, zaila egiten delarik norabidea mantentzea. Tira, bada hor ibili naiz, ahal bezain ondoen saiatu arren zigi-zaga nabariak irudikatuz gure joanean... Eskerrak pixkanaka argituz joan dela, ezintasun hori eramangarriago eginez. Urazala, oraindik ilargiaren islada zuriaz jantzirik, larrosagatik aldatuz joan da pixkanaka, argitu duen einean, eta urre kolorera igaro da eguzkia ikusgai egin denean. 
Hau izango da nire txanda-ordutegia datozen egunetan. Goizeko ordu zail hoiek, eguzkia altxatzen ikustea merezi zaidala pentsatzen dut; beraz, zorionekoa ni!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario