viernes, 23 de septiembre de 2016

COWES-ETIK RAMSGATE-RA ("Ursula"-tik "Jean de la Lune"-ra)


Orain hiru egun iritsi nintzela Ramsgate-ra, Cowes-eko egonaldiari bukaera emanez. Aurrekoan bezala, oraingoan ere dena oso azkar gertatu da -eszenatoki aldaketaz ari naiz-. Aurreko egunetan husnatzen ibili ginen Mikek eta biok web orrialdeetan (Findacrew, Crewseekers, Crewbay...), baina asteazken goizean jarri ginen horretan burubelarri, Kanarietara edo harako bidean zihoan belaontziren bat niretzako topa nahian. Eta aukera biren artean, Mikeren aholkua jarraituz (hurak erabakita, hobeki esanda), "Jean de la Lune" ontziko arduradunekin kontaktatu genuen -zuen, berak (Mikek) hitz egin bait zuen haiekin-. Esperientziarik gabeko baina borondate hoberena duen marinel gisa aurkeztu ninduen Joanne-ri, "Jean de la Lune"-ko arduradunetako bati, eta haiekin A Coruñaraino behintzat joango nintzela adostu zuten, ezer ordaindu barik eta ezta nik ere ezer jasoz. Horrela,Kanarietara heltzea amesten duen "hippy sailor" musikari honek haren oneritzi osoa duela ziurtatuz, haiei laguntzeko kapaz nintzela agindu zien Mikek.  Eta aurrera egin genuen. Joanneri ondo iruditu zitzaion, eta aukera askoz gehiago ezta hoberik ez nuela ikusita, baita niri ere. Agur "Ursula"-ri eta bertako eskifaia osoari (Andie, Bernie, Priscilla), agur berezia Mikeri, agur Coweseko egonaldiari, eta ongietorria beste etapa berri honi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario